Klima-aldaketak, baliabideen urritasunak eta gerra-testuinguruak, besteak beste, agerian utzi dute energiaren merkatuaren ziurgabetasuna. Aldaketatxo batek erregaien eskasia dakar, edota prezioen igoera jasanezina.

Testuinguru horretan nabarmena da gaurko gizarteak sektoreko enpresa handiekiko duen mendekotasuna eta pertsonon subiranotasun eza. Arrain handien uretan ibiltzea bezala da, eta jada premiazkoa bihurtu zaigu paradigma-aldaketa. Eredu berri horrek ezin du edonolakoa izan, ordea: autosufizientea, erresilientea eta eraldatzailea izan behar du, eta aldi berean inklusiboa, ezin du inor utzi bazterrean.

Horrelako eraldaketa bat gizarte kritiko eta ondo prestatu batek bakarrik ekar dezake. Horretan ere sakondu nahi du PIZTU kooperatibak.

Ereduz aldatzeko beharra ez ezik, gaur egun, energia-komunitateak sortzeko araudi aproposa dago, bai Europa mailan, baita estatuan ere. Are gehiago: araudi berriak onartu dira, energia-trantsizio ezinbestekoan garrantzi nabarmena izan dezaten tokiko energia-komunitateek. Hona hemen:

  • (EB) 2019/944 Direktibaren 16. artikuluak Herritarren energia-komunitateak definitzen ditu.
  • (EB) 2018/2001 Direktibaren 22. artikuluak Energia berriztagarrien komunitateak definitzen ditu.

Komunitatea kudeatzeko eredua, hau da, marko juridiko berri horretan jarduteko tresnarik egokiena (bakarra ez bada), kooperatiba bat eratzea da. Eta horixe da PIZTU, hain zuzen: kooperatiba misto, integral eta irabazi-asmorik gabeko bat.

  • Mistoa, sozietatean parte hartzeko modu mistoa duelako; hau da, bazkide kapitalistak eta ez-kapitalistak onartzen ditu. Horrek hirugarrenentzat ateak irekitzen ditu finantziaziorako.
  • Integrala, sozietate berean kooperatiba-mota guztien helburuak betetzen baitira. Kasu honetan, kontsumitzaile-erabiltzaileen kooperatiba bat da, baina zerbitzuak emango dituen kooperatiba bat ere bai.
  • Irabazi-asmorik gabekoa da, bere jardueretan lortutako mozkinak banatuko ez dituelako. Mozkin edo irabazi guztiak berriro ere kooperatibara itzultzen dira, bazkideek erabakitzen duten ekimenetan berrinbertitzeko.

Informazio guztia izan dezazun, hemen dituzu PIZTU kooperatibaren estatutuak.