Berriak

Hitzaldia: Ekhilur, txanpon osagarrien bilakaera

Otsailaren 8an, Alondegiko Oxford aretoan Ekhilur txanpon osagarriaren inguruko hitzaldia emango du Alex Lopezek. Hitzaldia 18etan izango da, euskaraz.

Ekhilur E. Koop. irabazi-asmorik gabeko kontsumo-kooperatiba da, eta bere ezaugarri nagusia araututako eta kooperatibaren kontrolpean dagoen ordainketa sistema bat edukitzea da.

Ekhilurren ikuspegia VISAren ordezko ordainketa-sare bat sortzea da, Hegoaldetik zabalduko dena. Bere xedea ordainketa sistema alternatibo bat eskaintzea da, herritarren kontrolpean egongo dena eta toki- eta gizarte-garapenerako tresna izan daitekeena.

Proba pilotu bat egin du Hernanin azken 18 hilabeteetan, eta 120 saltoki eta elkartek osatutako sare bat sortu dute, 1.200 erabiltzailerekin batera. Hernaniko Udalarekin eta merkatarien elkartearekin lankidetzan, 2 milioi eurotik gorako transakzio bolumena lortu da, 80.000 erosketa eragiketa baino gehiagoren bidez.

Alex Lopez (Zarautz 1973). Ekhilur kooperatibako Kontseilu Errektoreko kidea eta Hernaniko proba pilotuko teknikaria.

PIZTUk energia-kontratuak ulertzeko aholkularitza zerbitzua ireki du

Etxeko energia-kontratuen fakturak ulertzeko doako aholkularitza zerbitzua sortu dugu, eta herritar guztiei zabalduko nahi diegu.

Piztu irabazi asmorik gabeko zerbitzu-kooperatiba da, eta, besteak beste, energia berriztagarria sortu eta hura arduraz erabiltzeko bideak ireki nahi ditu. Baina, gainera, kontsumo-kooperatiba ere bat da, eta, energia-merkatua bezain eszenario konplexuan, haren helburuen artean kontsumitzaileak prestatzea eta haien alde egitea ere badago.

Hori dela eta, familia-ekonomia babesteko helburu, energia-enkanteen, kontratu engainagarrien edo BEZaren igoeren eta jaitsieren labirinto horretan, gure energia-faktura ulertzea, zer kontzepturengatik ordaintzen dugun jakitea eta kontratu bat edo bestea aukeratzeko unean irizpide zehatzak izatea funtsezkoa da.

Zerbitzua herritar guztientzat zabalduta dago eta ostegunetan 16:30etik 20:00etara doan emango da Alberga elkarteak eskainitako espazioan, hau fa, Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroko -Hogarreko- lehen pisuan.

Arreta jasotzeko txanda hartzea ezinbestekoa da, eta fakturak@piztu.eus helbide elektronikoaren bidez egin behar da.

Fagollagako zentral hidroelektriko txikia bisitatzeko irteera

Azaroaren 25ean Hernaniko Fagollagako zentral hidroelektriko txikia bisitatzera joango gara. Zumaiatik goizeko 9:30ean irtengo gara autobusez eta eguerdirako bueltan izango gara.

Esan bezala, Fagollagako zentrala Hernanin dago, Urumea ibaiaren arroan. Instalazio hidroelektrikoa da, hainbat urte daramatza funtzionatzen, eta GOIENERek hartu du bere gain, jabea erretiratu ondoren. Zentralak irisgarritasun-maila erraza du, eta energia sortzeaz gain, beste zentraletara sartu eta ezagutza globalaren maila hobetzeko asmoz, ikasteko zentro gisa ere erabiltzen da.

Bisita kooperatibaren sentsibilizaziorako eta gaian sakontzeko kanpainaren baitan antolatzen da, eta doakoa bada ere, izena eman behar da. Bisita euskaraz izango da, baina interesa pizten badu, bigarren txanda bat programatuko dugu gaztelaniaz (egun berean, geroxeago).

Alicia Valeroren hitzaldia: “Los retos territoriales y materiales de la transición energética”

Uztailaren 19an, 18:00etan, Alicia Valero ikertzaile eta irakasleak energia-trantsizioaren erronka batzuk xehatuko ditu Aita Mari antzokian eskainiko digun hitzaldian. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Energia-trantsizioak zenbait erronka dakartza berekin, eta denak ez dira behar bezain sakon landu. Hitzaldi honetan horietako batzuk aztertuko ditugu. Hasteko, Kanturi eta Mediterraneo makro-eskualdean energia berriztagarriak hedatzarakoan izango ditugun lurralde-desberdintasunak azalduko ditugu, eta Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren arabera instalatutako potentzia berriztagarria aztertuko dugu, hura osatzen duten autonomia-erkidegoen benetako beharren aurrean. Gainera, teknologia horiek eskatuko dituzten behar materialak erakutsiko dira (autokontsumo moduan edo instalazio handi zentralizatu gisa), eta trantsizioan kritikoak izango diren lehengaiak zehaztuko dira. Azkenik, kanpoko lehengai estrategikoekiko (bereziki Txinarekiko) mendekotasuna murrizteko estrategiak landuko dira.

Alicia Valero ingeniari kimikoa da eta ikertzailea eta irakaslea da Zaragozako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Eskolan. Iturri berriztagarrien sorkuntzaren eta integrazioaren optimizazio adimendunean lan egiten du.

Maria Montesinoren hitzaldia: Pensar y hacer. Habitar las ruralidades desde una perspectiva ecosocial

Uztailaren 11an, 18:00etan, María Montesino soziologoak hitzaldia eskainiko digu Aita Mari antzokian. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Landa-ingurunea, etengabe aldatzen ari den eremu konplexu eta dinamiko hori, interes sozial, kultural, ingurumeneko eta politiko estrategikoko gune bihurtu da azken urteotan. Hitzaldian, espazio horren ikuspegi bat emango da, honako hauek oinarri hartuta: landatartasunak bizitzea, bertan bizi diren aktoreak (gizakiak eta ez gizakiak), espazioak (naturalak, kulturalak), haien arteko harremanak (ekodependentzia, ingurumen-afektibitatea, botere-harremanak, gatazka), hainbat ikuspuntutatik (landatartasun berriak, ekofeminismoa, ekologia politikoa). Elkarrekin bizitzeko moduen adibideak jarriko dira.

María Montesino soziologoa da eta gaur egun landatartasun, kultura eta subiranotasun berriei buruzko doktore-tesia egiten ari da.

Luis González Reyesen hitzaldia: Escenarios deseables y posibles ante la crisis sistémica

Uztailaren 6an, 18:00etan, Luis González Reyes Ecologistas en Acción taldekideak hitzaldia eskainiko digu Aita Mari antzokian. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Saioan, gaurko krisi sistemikoaren ezaugarri nagusiak (ekologikoak, sozialak eta ekonomikoak) aztertuko ditugu; kapitalismo globalak krisi honi aurre egin ote diezaiokeen aztertuko dugu, eta kolektiboki eraiki ditzakegun etorkizuneko egoera desiragarriak eta posibleak aztertuko ditugu.

Luis González Reyes zientzia kimikoetako doktorea da eta Ecologistas en Acción taldearen kidea. Ekologismoarekin eta pedagogiarekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza eta ikerketa lantzen ditu.

Mutrikuko olatu planta ezagutzeko bisita

Ekainaren 25ean Mutrikuko olatu planta ezagutzeko bisita antolatu dugu. Mutrikuko barra obretan dagoenez, horrelako bisitak igandez bakarrik egin daitezke, eta itsasbeheran. Hori dela eta, bisita arratsaldeko 16:00etan izango da. (Zumaiatik 15:15etan aterako gara, Piztuk jarritako autobusez)

EEE-EVEko teknikariek gidatutako bisitan itsasoaren indarretik energia lortzeko zer-nolako teknologiak erabiltzen diren ezagutuko dugu, olatuen energia aprobetxatzen duen munduko lehen planta komertziala den horretan.

Sentsibilizazio kanpainak antolatzeko eta gaian sakontzeko kooperatibak jasotako diru-laguntza bati ezker bisita doakoa da, baina izena eman behar da. Bisita euskaraz izango da, baina interesa pizten badu, bigarren txanda bat programatuko dugu gaztelaniaz (egun berean, geroxeago).

Iñigo Antepararen hitzaldia: Pobrezia energetikoa. Zer egin dezakete energia-komunitateek?

Ekainaren 20an, 18:00etan, Iñigo Antepara EHUko irakaslearen pobrezia energetikoari buruzko hitzaldia izango dugu Aita Mari antzokian.

Hitzaldian pobrezia energetikoaren kontzeptuaren historiaz, zer den, nori eta nola eragiten dion (bereziki inflazio handiko garai honetan) eta aplikatzen diren soluzioez hitz egingo dugu.

Irtenbide posible bat hornidura publikoa da, baina beste aukera komunitarioak ere erantzun dezakete. Adibidez, energia-komunitateak. Ikusiko dugu zer egin dezaketen energia-komunitateek pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko, kontuan hartuta trantsizio energetiko bidezkoa sustatzen duen tresna dela, eta trantsizio hori arazo gehigarria dela zailtasunak dituzten familientzat.

Iñigo Antepara EHUko Ekonomia Aplikatuaren departamentuko irakaslea eta boluntario aritzen da Argilan-ESK, gizarte-bazterketaren aurkako plataforman.

Eider Iribarren hitzaldia. Eraikin erresiliente eta energetikoki eraginkorrak: paradigma berriei erantzunez

Ekainaren 14an, 18:00etan, Eider Iribar arkitektoaren hitzaldia izango dugu Aita Mari antzokian.

Klima-aldaketak, gaur egungo egoera energetikoak, pandemiak… etorkizuneko eszenatoki ziurgabeen aurrean jarri gaitu. Mundu aldakor honek eskatzen du eraikuntzaren arloan ere erresilientzia ikuspegia elkarrizketaren erdira ekartzera. Horregatik, egoera horien aurrean eraikinen diseinuak duen garrantziaz hausnartuko da hitzaldi honetan; eraikinen gehiegizko berotzea, energia- zaurgarritasuna, komunitatea… hizpide hartuta.

Arkitektoa eta energia eraginkortasunean eta jasangarritasunean doktorea da Eider Iribar Solaberrieta. Gaur egun Goiener S.Coop-en ari da energia eraginkortasunaren arloa lantzen proiektu europearretan, baita eraikinen birgaitze eta energia berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza gaietan ere.