Berriak

Eider Iribarren hitzaldia. Eraikin erresiliente eta energetikoki eraginkorrak: paradigma berriei erantzunez

Ekainaren 14an, 18:00etan, Eider Iribar arkitektoaren hitzaldia izango dugu Aita Mari antzokian.

Klima-aldaketak, gaur egungo egoera energetikoak, pandemiak… etorkizuneko eszenatoki ziurgabeen aurrean jarri gaitu. Mundu aldakor honek eskatzen du eraikuntzaren arloan ere erresilientzia ikuspegia elkarrizketaren erdira ekartzera. Horregatik, egoera horien aurrean eraikinen diseinuak duen garrantziaz hausnartuko da hitzaldi honetan; eraikinen gehiegizko berotzea, energia- zaurgarritasuna, komunitatea… hizpide hartuta.

Arkitektoa eta energia eraginkortasunean eta jasangarritasunean doktorea da Eider Iribar Solaberrieta. Gaur egun Goiener S.Coop-en ari da energia eraginkortasunaren arloa lantzen proiektu europearretan, baita eraikinen birgaitze eta energia berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza gaietan ere.

Adrián Almazánen hitzaldia: Decrecimiento para Euskal Herria

Ekainaren 7an, 18:00etan, Adrián Almazán filosofo eta ingurumen aktibistaren hitzaldia izango dugu Aita Mari antzokian. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Krisi eko-sozial globaleko garaietan, gure lurraldeak nola eraldatu pentsatzera behartuta gaude, aldi berean gure energia- eta material-kontsumoa murriztu ahal izateko eta justizia-, berdintasun- eta autonomia-irizpideak ezartzeko. Hitzaldi honetan, ibilbide-orri bat proposatuko dugu, gure lurraldeak desazkundearen bidean jartzeko, beti ere gizartea, klima eta biodibertsitatea errespetatuz.

Adrián Almazán filosofiako irakaslea da Carlos III.a Unibertsitatean eta Ekologistak Martxan taldeko kidea.

Agroekologia da bidea

Zenbakiek garbi erakusten dute, Euskal Herriak behar duen janariaren %90 kanpotik ekartzen da. Alabaina, bertako lur produktiboak babestu eta erabilita jaten dugunaren zati handi bat hemen ekoiztu daiteke.

Mirene Begiristainek ondo ikertu du hori, eta nekazaritzak energia-trantsizioan jokatu behar duen papera garbi dauka. Atzo ideia hori utzi zigun Alondegian emandako hitzaldian, baita beste hausnarketa asko ere.

Baina aldaketa hori ez da berez gertatuko, ez da horrela izango gizarteak ezer egiten ez badu. Eta, besteak beste, gure dieta aldatu beharko genuke, garaiko produktuei kasu gehiago egin eta munduko beste puntatik datozenak gutxiago kontsumitu. Horretarako, lehentasuna gero eta gutxiago diren nekazari horiek mantentzea eta zaintzea da, bestela, hamarkada batean desagertuko dira, erremediorik gabe.

Janaria industriala ekologikoa baino merkeago dela uste dugu, baina hori ez da egia, eta erraz ezeztatu daiteke, gainera. Modu batean edo bestean, erosi aurretik 3 aldiz ordaindu ditugu jaki industrialak:

  • Jasotzen dituzten diru-laguntzak denon patrikatik ematen zaizkielako.
  • Ingurumenean egiten dituzten kalteak gizarte osoak konpondu behar dituelako.
  • Osasunean eragiten dituzten ondorioez ere osasun publikoa arduratu behar delako.

Gainera, banatzaile handiek, zer ekoiztu eta zer salduko den erabakitzen dute; beraiek aukeratzen dute zer eta urteko zein garaitan jan behar dugun. Eta lurralde batek ekoizten duena, gizarte horren isla da; ekoizten dena gizartearen isla den bezala.

Etorkizuneko nekazariak ez dira orain arte ezagutu dugun baserritar leinu edo familiatik etorriko; etorkizuna talde kooperatiboen esku eta emigranteek egindako lanetan oinarrituko da.

Mirene Begiristainen hitzaldia: Eta trantsizio energetikoan, nekazaritza eta elikadurarekin zer?

Maiatzaren 24an, 18:00etan, Alondegiko Oxford aretoan, Mirene Begiristain Zubillagak ekonomialaria eta EHUko irakaslea hitzaldia eskainiko digu. Hitzaldia euskaraz izango da.

Zein osagarri/ezaugarri beharko lituzke Euskal Herrirako trantsizio energetikoak? Zeintzuk neurri zehatzak? Nola kudeatu beharko liratekeela inpaktuak eta balizko gatazkak?

Trantsizio energetikorako mahai gainean dauden proposamenak aintzat hartuz eta, lurraldearen erabilerari dagokionez, izan ditzaketen ondorio askotarikoak kontutan izanda, galdera horien erantzunak batzuk mahaigaineratuko dira krisi ekosozialaren irakurketa eginez ikuspegi agroekologikotik.

Getarian bizi den andoaindarra da Mirene. Ekonomian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean irakaslea da eta HEGOA institutuko kidea.

Bere ikerketa lerroa Elikadura eta nekazaritza sistemen azterketan kokatzen da; zehazki, krisi ekosozialaren testuinguruan, trantsizio iraunkorra lantzeko elikadura estrategiak, prozesuak eta proiektuak aurrera eramateko landu beharreko ildoetan sakondu du, besteak beste: komertzializazio eta banaketa/horniketa sare lokalak, lehen sektoreari loturiko azterketa ekonomiko eta sozialak, edota gobernantza ereduak. Bere ikerketa ikuspegi ekofeministatik eta ikerketa-ekintza-partehartzailea metodologia oinarri hartuta garatzen du. Ikerketa-jarduera horren transferentzia ekarpen zientifikoetan, tokiko eta nazioarteko ikerketa-proiektuetan eta hainbat toki-erakunde eta eragileekin egindako lankidetza sozialetan islatzen da.

Biolur Gipuzkoa elkarteko koordinazio taldean dago eta EHKolektibo-ko kidea da. Gaur egun ekoizpen proiektu kolektibo bat martxan jartzen ari da Getarian.

Lehen urtea energia munduan eragin nahian

Egun hauetan Piztu kooperatibak bere lehen urtea bete du eta joan den larunbatean, apirilak 29, bere lehen batzar orokorra egin zuen.

PIZTU irabazi-asmorik gabeko komunitatea da, bazkideak trantsizio energetiko bidezkoa eta ekologikoa ahalbidetzeko antola daitezen sortua. Taldean lan eginez, besteak beste, energia ekoiztu, partekatu eta hobeto kudeatzeko mekanismoak ezarri nahi ditugu.    

Aita Mari Antzokian elkartuta, bazkideek azken urtean egindakoaren errepasoa egin zuten, kontuak onartu zituzten eta 2023ko kudeaketa-planari ere oniritzia eman zioten. Energia-komunitate gisa ditugun erronkak asko dira, baina onartu behar da horien masa soziala handitzen den bitartean, horiei aurre egiteko anbizioa moderatua izan behar dela. Beste erronka batzuen artean, 2023. urtean hauetan sakondu nahi du PIZTUk:

  • Teilatu gaineko lehen instalazio fotovoltaikoa gauzatzea (betiere dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruaren gainean)
  • Fotovoltaikoak ez diren bestelako instalazio berriztagarrien aukerak aztertzea.
  • Eraikin baten lehen birgaitzea proiektatzea.
  • Jendearentzat arreta-gune egonkor bat irekitzea.
  • Dibulgaziozko hitzaldiekin eta bestelako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzekin jarraitzea.
  • Kolektibo zaurgarriak kooperatiban integra daitezen bazkideak prestatzea.
  • Mugikortasun iraunkorreko ekintzak bultzatzea, hala nola partekatutako ibilgailua edo bizikletaren erabilera.
  • Agro-ekologiarekin lotutako aspektuetan sakontzea, adibidez, hurbileko baratzeak, auto-kontsumorako taldeak edo lur-zaintzako akordioak sustatuz, gaur egun erabiltzen ez diren lurren balioan jartzeko. 

Asmo horietakoren bat egia bihurtzeko zure ekarpena egin ahi duzu ? Lagundu dezakezula uste duzu? Bila gaitzazu sare sozialetan, sartu piztu.eus helbidean edo idatzi info@piztu.eus helbidera. Ez ez dadila izan ezer ez delako egiten!

Antonio Turielen hitzaldia: PRESENTE Y FUTURO DE LA ENERGÍA. ¿HAY ALTERNATIVA?

Maiatzaren 3an, 18:00etan, Aita Mari Antzokian, Antonio Turielek energia-krisialditik ateratzeko ofizialki diseinatu den eskemari buruz duen iritzia zabalduko digu. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Antonio Turielen ustez, egungo energia-krisialditik ateratzeko diseinatu den eskema ekonomikoak ez du arrakastarik izango. Denbora luzez arazoari bizkarra eman zaio, eta itzulerarik gabeko puntu batera iritsi gara. Beranduegi da. Energia berriztagarriek ez gaituzte ataka horretatik aterako, eta dauden alternatibak -egon, badaudela- ez dira errazak. Egitekotan, aldaketak errotik egin behar dira.

Antonio Turiel ezaguna da, batez ere, hitzaldi, artikulu eta bere blogaren bidez egiten ari den dibulgazio lanagatik. Formazioz fisikaria eta matematikaria da, baliabide energetikoetan aditua eta ikerlari modura CSICen Bartzelonako Institut de Ciències del Mar delakoan aritzen da.

2021ean Espainiako senatuan agerraldi bat izan zuen Trantsizio ekologikorako Batzordearen aurrean, hain zuzen, trantsizio energetiko jasangarriaz hitz egiteko. Berak planteatzen duen eszenatokia korapilatsua da: “gaur egungo ereduari jarraituz gero, erregai fosilak ezingo dira ordezkatu energia berriztagarriekin”.

Hitzaldia: Decrecimiento y colapso (Carlos Taibo)

Apirilaren 24an, 18:00etan, Alondegiko Oxford aretoan, Carlos Taibok desazkundeari eta kolapsoari buruz hitz egingo digu. Hitzaldia energiaren krisiaren inguruko udaberriko zikloaren baitan izango da eta gaztelaniaz izango da.

Taiboren hitzetan:

Planetaren ingurumen eta baliabideen mugek Iparreko aberatsoi gure kontsumo eta produkzio maila jaistera behartuko gaituzte. Baina horrekin batera zerbait gehiago egin beharko dugu: infraestruktura askoren tamaina murriztu, galdu dugun gizarte-bizitza berreskuratu, lana banatu. Gizarte xumeagoa eraiki beharko dugu berandu baino lehen kolapsoaren arriskua saihestu nahi badugu behintzat.

Taibok ideia hauek jorratuko ditu desazkundea eta kolapsoa bezalako kontzeptuak ulertzen laguntzeko.

Carlos Taibo idazlea eta unibertsitateko irakaslea da, une honetan irakasle jubilatua. Bere arloa Zientzia Politikoa izanik 20 liburu baino gehiago idatzi ditu Europako ekialdea eta Sobiet Batasunaren trantsizioari buruz eta baita ere interes orokorreko gai geopolitikoez.

Kapitalismoarekin beti kritikoa, azken urtetan beste gai batzuei ere heldu die eta, halaxe, hamaika artikulu eta liburu argitaratu ditu globalizazioa, desazkundea edo demokrazia zuzenaren inguruan. Berea da leku askotan irakur genezakeen esaldi hau: “globalizazioa inolako kontrolik ez duen kaos baterantz doa”. Izan ere, globalizazioaren aurkako mugimenduen defendatzaile eta bultzatzaile aktiboa da.

Hitzaldia: “Geología. energía y crisis de materiales, consecuencias para una transición global”

Datorren asteazkenean, martxoak 15, Antonio Aretxabala geologoarekin hitzaldi bat antolatu dugu Aita Mari Antzokian. Hitzaldia arratsaldeko 6etan izango da eta bere izenburua “Geología. energía y crisis de materiales, consecuencias para una transición global” da.

Antonio Aretxabala geologoa eta ikertzailea da. Gaur egun, aholkulari independente gisa eta obra zibilaren eta ingeniaritzaren sektoreko profesionalen prestatzaile gisa egiten du lan.

Hitzaldi honen bidez, Piztuk beste helburu bat bete nahi du, hau da, energiarekin lotutako gaietan gizartearen eztabaida eta espiritu kritikoa sustatzea.

Hitzaldia. Ikasi zure energia-fakturak irakurtzen

Kontsumo-erakundeen arabera, oso pertsona gutxik ulertzen dituzte beren energia-fakturak. Oro har, ez dakite merkatu librean edo merkatu arautuan dauden, ez eta merkatu horietako batetik bestera igarotzeko zer egin behar den ere. Fakturaren beraren kontzeptuak ere misterio bat dira haientzat. Zer dagokio energiaren kostuari, zer ordaintzen den bidesariengatik, etab.

Zein dira argiaren edo gasaren fakturek erakusten dituzten datuak? Zer da kontzeptu bakoitza? Aurreztu dezaket merkatu libretik arautura aldatzen badut, edo alderantziz? Jakin nahi baduzu, etorri zaitez datorren ostegunean, otsailaren 23an, Oxforden antolatu dugun hitzaldira. Han, Enherkom, Hernaniko energia-bulegoko Fermin Arruabarrenak, merkatu katramilatu eta beharrezko honen gakoak emango dizkigu.

Hitzordua arratsaldeko 6etan da. Etorri eta zuri laguntzen saiatuko gara.

Oharra: Hitzaldia euskaraz izango da, baina gaztelaniaren aldibereko itzulpena egongo da.