Egun hauetan Piztu kooperatibak bere lehen urtea bete du eta joan den larunbatean, apirilak 29, bere lehen batzar orokorra egin zuen.

PIZTU irabazi-asmorik gabeko komunitatea da, bazkideak trantsizio energetiko bidezkoa eta ekologikoa ahalbidetzeko antola daitezen sortua. Taldean lan eginez, besteak beste, energia ekoiztu, partekatu eta hobeto kudeatzeko mekanismoak ezarri nahi ditugu.    

Aita Mari Antzokian elkartuta, bazkideek azken urtean egindakoaren errepasoa egin zuten, kontuak onartu zituzten eta 2023ko kudeaketa-planari ere oniritzia eman zioten. Energia-komunitate gisa ditugun erronkak asko dira, baina onartu behar da horien masa soziala handitzen den bitartean, horiei aurre egiteko anbizioa moderatua izan behar dela. Beste erronka batzuen artean, 2023. urtean hauetan sakondu nahi du PIZTUk:

  • Teilatu gaineko lehen instalazio fotovoltaikoa gauzatzea (betiere dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruaren gainean)
  • Fotovoltaikoak ez diren bestelako instalazio berriztagarrien aukerak aztertzea.
  • Eraikin baten lehen birgaitzea proiektatzea.
  • Jendearentzat arreta-gune egonkor bat irekitzea.
  • Dibulgaziozko hitzaldiekin eta bestelako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzekin jarraitzea.
  • Kolektibo zaurgarriak kooperatiban integra daitezen bazkideak prestatzea.
  • Mugikortasun iraunkorreko ekintzak bultzatzea, hala nola partekatutako ibilgailua edo bizikletaren erabilera.
  • Agro-ekologiarekin lotutako aspektuetan sakontzea, adibidez, hurbileko baratzeak, auto-kontsumorako taldeak edo lur-zaintzako akordioak sustatuz, gaur egun erabiltzen ez diren lurren balioan jartzeko. 

Asmo horietakoren bat egia bihurtzeko zure ekarpena egin ahi duzu ? Lagundu dezakezula uste duzu? Bila gaitzazu sare sozialetan, sartu piztu.eus helbidean edo idatzi info@piztu.eus helbidera. Ez ez dadila izan ezer ez delako egiten!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *