Apirilaren 24an, 18:00etan, Alondegiko Oxford aretoan, Carlos Taibok desazkundeari eta kolapsoari buruz hitz egingo digu. Hitzaldia energiaren krisiaren inguruko udaberriko zikloaren baitan izango da eta gaztelaniaz izango da.

Taiboren hitzetan:

Planetaren ingurumen eta baliabideen mugek Iparreko aberatsoi gure kontsumo eta produkzio maila jaistera behartuko gaituzte. Baina horrekin batera zerbait gehiago egin beharko dugu: infraestruktura askoren tamaina murriztu, galdu dugun gizarte-bizitza berreskuratu, lana banatu. Gizarte xumeagoa eraiki beharko dugu berandu baino lehen kolapsoaren arriskua saihestu nahi badugu behintzat.

Taibok ideia hauek jorratuko ditu desazkundea eta kolapsoa bezalako kontzeptuak ulertzen laguntzeko.

Carlos Taibo idazlea eta unibertsitateko irakaslea da, une honetan irakasle jubilatua. Bere arloa Zientzia Politikoa izanik 20 liburu baino gehiago idatzi ditu Europako ekialdea eta Sobiet Batasunaren trantsizioari buruz eta baita ere interes orokorreko gai geopolitikoez.

Kapitalismoarekin beti kritikoa, azken urtetan beste gai batzuei ere heldu die eta, halaxe, hamaika artikulu eta liburu argitaratu ditu globalizazioa, desazkundea edo demokrazia zuzenaren inguruan. Berea da leku askotan irakur genezakeen esaldi hau: “globalizazioa inolako kontrolik ez duen kaos baterantz doa”. Izan ere, globalizazioaren aurkako mugimenduen defendatzaile eta bultzatzaile aktiboa da.

Leave a Reply