Zenbakiek garbi erakusten dute, Euskal Herriak behar duen janariaren %90 kanpotik ekartzen da. Alabaina, bertako lur produktiboak babestu eta erabilita jaten dugunaren zati handi bat hemen ekoiztu daiteke.
Mirene Begiristainek ondo ikertu du hori, eta nekazaritzak energia-trantsizioan jokatu behar duen papera garbi dauka. Atzo ideia hori utzi zigun Alondegian emandako hitzaldian, baita beste hausnarketa asko ere.
Baina aldaketa hori ez da berez gertatuko, ez da horrela izango gizarteak ezer egiten ez badu. Eta, besteak beste, gure dieta aldatu beharko genuke, garaiko produktuei kasu gehiago egin eta munduko beste puntatik datozenak gutxiago kontsumitu. Horretarako, lehentasuna gero eta gutxiago diren nekazari horiek mantentzea eta zaintzea da, bestela, hamarkada batean desagertuko dira, erremediorik gabe.
Janaria industriala ekologikoa baino merkeago dela uste dugu, baina hori ez da egia, eta erraz ezeztatu daiteke, gainera. Modu batean edo bestean, erosi aurretik 3 aldiz ordaindu ditugu jaki industrialak:
- Jasotzen dituzten diru-laguntzak denon patrikatik ematen zaizkielako.
- Ingurumenean egiten dituzten kalteak gizarte osoak konpondu behar dituelako.
- Osasunean eragiten dituzten ondorioez ere osasun publikoa arduratu behar delako.
Gainera, banatzaile handiek, zer ekoiztu eta zer salduko den erabakitzen dute; beraiek aukeratzen dute zer eta urteko zein garaitan jan behar dugun. Eta lurralde batek ekoizten duena, gizarte horren isla da; ekoizten dena gizartearen isla den bezala.
Etorkizuneko nekazariak ez dira orain arte ezagutu dugun baserritar leinu edo familiatik etorriko; etorkizuna talde kooperatiboen esku eta emigranteek egindako lanetan oinarrituko da.